Eibarrek emon daben pelotari txapelduna

Eibarrek emon daben pelotari txapelduna
2014/01/10 eta kitto!

Buruz-buruko hiru txapel dittu. 1948xan Atano III.a haundixa tronotik kendu eban eta 1950ian eta 1951n Jose Luis Akarregi Eibarren bizitzera geratuko zan lekeittiarrari irabazi zetsan, 22-15 lehelengo eta 22-14 azkena. 1953an Barberitorekin jokatzia tokatzen jakon finalari uko egin zetsan, diru-kontuetan enpresarixuekin ados jarri ez zalako. Biñaka be txapela jantzittakua dogu Gallastegi, Iraetako Txikitorekin Onandia eta Urzelai II.ari 22-18 irabazitta: hori 1941ian izan zan. 1960xan erretiratu zan, 42 urterekin. Indar haundiko atzelarixa izan zan eta askok goguan eukiko dabe oindiok zenbat desafio jokatu zittuan bi pelotariren kontra eta, baitta, beste batek lagunduta hirukotien aurka jokatutakuak. Esaterako, bikotien kontra jokatutako 54 partidutik, 41ian garaille izan zan. Holako batian, Ubilla I.a eta Ubilla II.aren kontrakuan, 500 lagun geratu ziran Astelenara sartu eziñik, Katedrala lepo bete zalako. Gogoan eukitzekua da be Ladutxe eta Haranbilleten aurka Trizioko frontoi irekixan jokatutako partiduan, barriz, 3.000 lagunek jarraittu zeben.

Beti sasoiko
Gallastegik Marinoren kontra galdu eban debutian, 36ko junixuan, gerra zibilla hasi aurretik. Amuategi Batalloian soldadu eguala, “entxufiarekin” permiso batzuk aprobetxau eta errebantxan birrittan irabazi zetsan. Bere urterik onena 1945a izan zan -orduan, 10 hillabetian, 104 partidutik, 78 irabazi zittuan-. Atzelarixa izanda be, aurrelari moduan 94 partidu jokatu zittuan, Kortabitarte pixkat baju eta atzian kontrarixorik barik geratu zanian. Lesiñuekin suerte ikaragarrixa izan eban, besagaiñez joten ebala jakinda.
Miguelen ezaugarrixak aittatzerakuan, preparaziñua esan bihar. Astelenara eruaten zittuan berarekin Karral, Etxabetarrak eta Eguren, egunero. Aizkoriarekin be, 15 miñutu egitten zittuan egunero, eskuak gogortzeko. Kalamuara juateko zaletasuna be euki eban, entrenamenduetan partiduan baiño gehixago nekatzeraiño. Lehelengo hiru-lau tantuetan ekan punturik ahulena, izerdixa botatzen hasi arte. Berarendako partidurik onena: Eibarren Zurdo de Mondragoni 22-16 irabazi zetsanian. Eta baitta Akarregiren aurka 1948-xan jokatutakua. Txapelketak errez irabaztiaz gain, Madrillen, Bartzelonan eta Frantzian jokatzen zittuan partiduak. Iparraldera gustora juaten zan, aurreko frontixan bakarrik jokatzera.
Aurreko datuak berak guri emon zeskun alkarrizketa batekuak dira. Miguelek jarraitzen dau frontoira juaten eta Astelenan be behin baiño gehixago egin geinkeu topo berarekin.

Amatiñoren liburua kalian
Egilliak liburuaren sarrerian diñuan moduan, “Irakorle eibartarrari” izenburupian, “jira eta buelta, eskuartian dozun liburu honek, irakorle, Miguelek bere etxian aurrez aurre neri kontautakuak biltzen dittu gehixenbat. Euskeraz kontautakuak eta eskuz jasotakuak dan-danak. Gero erderaz idatzitta, hori bai, ez nebalako sekula uste izan justua izan leikianik Miguelek berak iñoiz irakorri ezin izango zeban libururik idaztia”. Hamar urteko tartia eruan detsan lanian errepaso bikaiña egitten detsa txapeldun haundixaren ibilbidiari eta pelotaren inguruko haren eritzixeri. Kapituluka, haren gazte sasoia, irabazittako txapelak, profesional izaeria, bizitza soziala eta omenaldixak, pelotaren inguruko eritzixak eta telebisiñua, prentsa komunikaziñua tratatzen dittu Luis Alberto Aranberrik. Anexuak be badittu Amatiñoren liburuak, txapeldunen kuadrua, hemerotekia, esku-programa eta bertso eta abestixekin. Liburua 16 eurotan dago salgai; Zabaltzen da banatzaille ofiziala eta libreruari esanda berak eskatu leikixo. Iraolagoitian, Gisasola estankuan eta Echetto kioskuan badago.