Zapatuan zabalduko dute Gerra Zibilaren interpretazio zentroa Arraten

Zapatuan zabalduko dute Gerra Zibilaren interpretazio zentroa Arraten
2015/01/30 00:00
eta kitto!

Gerra Zibilaren interpretazio zentroak eta Arrateko aterpetxeak bihar (zapatua, hilak 31) eguerdian, 12.00etan zabalduko dituzte ateak, joan nahi duten guztientzat irekia izango den ekitaldian. Udaletik adierazi dutenez, bihar 11.00etan autobus berezia, Udalbus handia ibiliko da Arratera igo nahi dutenentzat zerbitzua ematen.
Zentroa prestatzen beharrean jardun duten Jesus Gutierrezek eta Jose Luis Valenciagak egingo dute aurkezpena bihar eta, aurreratu dutenez, aterpetxean zabalduko duten Gerra Zibila Eibarren Interpretazio Zentroa trintxera baten moduan atondu dute eta, horrekin batera, gure mendietan gerra nola bizi zuten hobeto ulertzen laguntzeko ikus-entzunezkoa egin dute, lekuko zuzenen testigantzekin. Zentrotik kanpora ere egongo da zer ikusi, besteak beste sei panel, lau Arratera begira eta beste bi Akondia aldera ipini dituzte eta. Paneloko informazioa QR kodigoak erabilita kontsultatu daiteke. Eta ibilbide historikoa ere prestatu dute otsailaren 7an, 21an eta 28an eta martxoaren 7an baina talde guztiak beteta daude dagoeneko. Hala ere, bisiten inguruan dagoen interes handia ikusita, martxotik aurrera gehiago antolatzeko asmoa daukatela adierazi dute. Bestalde, bisitara apuntatu ezin izan diren pertsonek Gerra Zibilaren interpretazio zentroa ikusteko aukera izango dute, bisita egunetan goizeko 10.00etatik 14.00etara.