Etxebizitza hutsak bereganatzeko kanpaina Eibarren

Etxebizitza hutsak bereganatzeko kanpaina Eibarren
2015/01/19 eta kitto!

Gaurko moduan, bihar (martitzena, hilak 20) ere Eibarren izango dira "Zabaldu zure etxea" kanpainako ordezkariak, Untzagan 10.00etatik 18.00etara zabalduko duten standean. Eusko Jaurlaritzak, Alokabideren bitartez, alokairu sozialera bideratzeko etxebizitza hutsak mobilizatu nahi ditu kanpainarekin. Hutsik dauden etxebizitzen jabeek alokairuan ematera animatu daitezen eta horretarako gaur egun abian dauden programen inguruko informazioa zabaltzeko asmoz ipini dute martxan kanpainia eta, Eibarren ez ezik, beste hainbat herritan bisitan ibiliko dira, ahalik eta zabalkunderik handiena lortzeko asmoz. Kanpainako arduradunen berbetan, "kanpainak berebiziko garrantzia dauka etxebizitza hutsen jabeek Eusko Jaurlaritzak abian jarritako programa ezberdinen berri izan dezaten, hauen bidez etxebizitzak alokairuan eman ditzazketelako Eusko Jaurlaritzaren berme osoarekin, hileroko errenta bermatuz eta baita etxebizitza egoera onean bueltan jasoko dutenaren bermearekin". Informazio zabalagoa jasotzeko, 900 251 251 telefonora deitu daiteke edota www.alokabide.euskadi.net webgunean sartu.