Eibar.org blogak, 10 urte Arrateko Amaren babespian

Eibar.org blogak, 10 urte Arrateko Amaren babespian
2014/10/17 00:00
eta kitto!

2004ko uztaillian, blogak oindiok ezezagunak ziran sasoian sortu eben Euskal Herriko lehelengo blog-komunidadia, EibarOrg-ko blog-komunidadia hain zuzen be. Martxan ipintzeko 2004ko uztaillaren 19xan, zapatuan, hamabost bat lagun alkartu ziran Eibar.Org webgune barrixa zelan antolatu eben eta euren blogak zelan kudeatu bihar zittuen ikasteko asmuarekin: Mikel Iturria, Ander Arroitajauregi, Leire Narbaiza, Joseba Zabala, Oier Araolaza, Iban Arantzabal, Imanol Trebiño, Amatiño, Xabier Mendiguren, Asier Sarasua, Oier Gorosabel, Joseba Etxarri, Iñaki Zugasti eta Felix Elortza izan ziran blogen munduan murgiltzera animau ziranetako batzuk. Ikastarua Azittaingo industrialdian, Codesyntaxen egoitzan izan zan, goizeko 09.30xetan hasi eta 13.30xak arte. Irakaslia, barriz, Luistxo Fernandez izan zan eta lau ordutan emondako azalpeneri esker, bestiak beste, Eibar.blog bat zelan kudeatu ikasi eben ikasliak: Eibar.Org-eko blogak zelan antolatzen diran, ezaugarri orokorrak, zelan kudeatu, irudixak zelan gehittu, moblogen kontua... EibarOrg-ko kidiak egindako ikastaro laburra amaittuta, 8-10 blogari hasi ziran sarian lehen pausuak emoten eta harrezkero beste hainbat batu jakoz komunidadiari, 30 blogetik gorako komunidade sendua sortu arte. Hórretako asko, gaiñera, euskal blogosferan erreferentiak dira.
JSM Bekiarendako ikerketa-gai
Blog-komunidadiak bete dittuan hamar urtiak askorako emon dabela, horretan dudarik ez dago. Blogetan kaleratutako 10.000 artikuluak atzian laga zittuen aspaldi, zazpi urtiak betetzian. Baiña komunidadiaren garrantzixa haratago doia, 2013ko Juan San Martin Bekia jaso eban Maialen Odriozolarendako ikerketa-gai billakatzeraiño. Bekia "Eibar.org blog komunitatea: hurbilketa bat atariaren analisiaren bidetik" izenburuko proiektuak emon zetsan eta, horri jarraittuta, Zumaixako kazetarixak Eibar.org-en historixia, billakaeria eta bestelako zehetasunak jasotzen dittuan ikerketa sakona amaitzear daka. Biharraren lehen zatixa osatzeko, kazetarixak hillebetiak eskindu zetsazen behaketiari eta tarte horretan dozenaka artikulu batu zittuan. Eta behin hórrek amaittuta, protagonistekin berba egitteko ordua aillegau jakon, berak diñuan moduan, "puzzlia osatzen juateko".
Ikerketaren datu bilketarako oiñarrizkuak izan dira zerrendakide eta blogarixeri egindako galdera-sortak, baitta talde-eztabaida be. Bestiak beste, ikerlarixak Luistxo Fernandezi egindako alkarrizketia blog formatura moldatu eta bere blogian emon eban argittara. Hastapeneri buruz galdetuta, holan laburbildu dittu Luistxo Fernandez, Eibartarrak posta-zerrendiaren sortzailliak esandakuak: "90. hamarkadan posta-zerrendia zan Internet erabiltzeko tresna praktikuenetako bat".  Orduan sasoian bi ei  ziran euskaldunen inguruan martxan eguazenak: batak euskaraz funtzionatzen eban eta bestiak ingelesez. Bigarren horretan diasporako euskaldunak eta hamengo beste batzuk eguazen sartuta eta, tresnak martxan egoteko biharrezkua zeken software-a New Yorkeko unibersidade bateko zerbitzarixan zeken ipiñitta. Baiña holako zerbitzari bat ez eguan edozeiñen esku. Horregaittik, norberak posta-zerrendak sortzeko aukeria emoten eban tresna bat deskubridu ebanian, Fernandezek "bittarteko interesgarri" hori probatzeko ideia izan eban. Eta, zerrendakide gisa, posta-elektronikua zekela zakixan eibartarrak gonbidatu zittuan. "Beste batzuek beste gai batekin sortuko eben,  foballari buruz edo euskal musikaren inguruan… Nik herriko jendiarekin egittia pentsatu neban, herrixari buruz". Eta hori izan zan "San Blasa baiño hobia" dan peoriarendako abiapuntua. Afari batian alkarte modura antolatzia pentsau eta gero, Eibarri buruzko web orrixa egittia erabagi eben eta, behin izena aukeratuta, domeiñua erosi eta Eibar.org jaixo zan.
Hurrengo pausua natural emon eben: "Herriko informaziñua gordetzen eben web orritik, alkarteko bazkidien blogak jasotzen zittuan web dinamikora pasatu giñan", holan euskal blogosferaren aitzindari billakatuta.
Euskal Blogosfera bideuan
EibarOrg-ko blog komunidadiaren 10. urteurrenaren atzakixarekin, bixarko ospakizun ekitaldixan erakutsiko dittuen bideo bi grabatzen jardun dabe Ane Urkiola eta Maialen Odriozola kazetarixak. Urkiolak azaldu deskunez, "Asier Sarasuak eskatuta ekin gentsan biharrari. Hainbat blogariren testigantzak jaso bihar genduazela eta, uztaillian hasi giñan alkarrizketak egitten eta bideuan grabatzen. Hamalau alkarrizketa izan dira guztira, batzuk Eibarren bertan egin dittugu eta beste batzuk egitteko, barriz, batetik bestera ibilli giñan: Baionan, Ordizian, Bermeon…".
Kamaria aldian hartuta, hainbat euskal blogariren eritzixak eta gogoetak jasotzeko biharrian jardun dabe kazetari bixak: EibarOrg-en inguruko galderekin batera, euskal blogosfera 10 urtian zelan aldatu dan, gaur egungo panoramaren inguruko eritzixa…
Urkiolak argittu deskunez, "eskatutakuari jarraittuta bideo bi egin dittugu. Batian Eibar.Org alkarteko Mikel Iturria, Elena Laka, Oier Gorosabel, Markos Zapiain eta Leire Narbaizarekin egindako alkarrizketak batu dittugu. Eta bigarren bideua egitteko gure herrittik kanpora jo dogu, euskal blogari ezagun batzurekin berba egin eta haiek kontautakuak grabatzeko. Euskal blogosferiari eskindutako lana osatzeko, Mikel Irizar, Joxe Aranzabal, Iban Arantzabal, Maite Goñi, Gorka Bereziartua, Jabi Zabala, Bea Salaberri, Txerra Rodriguez eta Gorka Julio alkarrizketatu dittugu".
Ikus-entzunezko bixak bixarko ekitaldixan erakutsiko dittue, baiña egilliak alkarrizketatuen ahotan entzungo diran gogetetako batzuk aurreratu deskuz: "Alkarrizketatu dittugun lagunak komunidadiarekiko atxikimendu oso haundixa dake eta, oro har, internetek holako bizi-poz modukua emon detsela diñue, bestiak beste egunkari eta bestelako hedabidietan idatzi ezin leikiazenak blogetan idazteko aukeria dakelako, alde horretatatik askatasun haundixagua topatzen detse".

Blog-komunidadiaren 10. urteurren jaixa. Programia.
Urrixaren 18xan (zapatuan), Armagintzaren Museuan (Portaleko 5. pisuan).
11.00.- Museora bisita gidatua.
12.00.- Urteurren ekitaldixa: Luistxo Fernandez (EibarOrg alkartia), Josu Waliño (PuntuEUS Fundaziñua) eta Maialen Odriozola "Eibar.org blog komunitatea: hurbilketa bat atariaren analisiaren bidetik". Blog-post irakorketa musikatua. "EibarOrg blogek 10 urte (euskal blogosferak ere bai)" bideuaren proiekziñua.
13.15.- Talde argazkixa eta mokadutxua. Untzagan.
15.00.- EibarOrg alkartearen bazkarixa. Azittain erretegixan.