Bihar da EMGI-ko Gabonetako bonoa erabiltzeko azken eguna

Bihar da EMGI-ko Gabonetako bonoa erabiltzeko azken eguna
2014/12/19 eta kitto!

Eibar Merkataritza Gune Irekia Gabonetako kanpainan dago murgildurik, urtero lez hainbat ekimen bultzatuz. Aurtengo berritasun nabarmenena erosteko bonoak izan dira (40 eurotan saldu ziren eta EMGI-ko denda eta komertziotan 50 euroko balioko erosketak egitea ahalbidetzen dute). Bono horiek arrakasta handia izan dute, baina bihar (zapatua, hilak 20) izango da azken eguna horiek erabiltzeko. Bestalde, elkarteko denda guztiak “flyer-ak” (izar bereizgarriak) dituzte euren erakusleihoetan, eta bono horiek bertan erabili daitezkeela adierazten dute.
Bestalde, EMGI-ko gabon kanpainan sartzen dira ere Urkizun, Anbulatorioan eta Txaltxa Zelaian kokatutako barrakak, aurreneko biak umeentzat eta azkena nerabeentzat prestatutakoak. Euretan doan ibili daiteke dendetan banatzen dituzten bonoak aurkeztuta -Txaltxa Zelaian 0’50 euro ordaindu behar bada ere-. Ezin dugu ahaztu aurreko zapatuan Astelena frontoian abian ipini zen “txiki-park”-a, lehen egunetik bertatik iazko bisita kopurua gainditu baitzuen. Gehienek EMGI-ren bonoak erabili zituzten (han izandako 346 umetatik, %75-ek erabili zuten).
Bihar arte, gainera, produktuez osatutako 40 otar banatuko dira Merkatarien Elkartearen txartelarekin ordaintzen duten erosleen artean. Otar horien banaketa abenduaren 23an egingo da. Bestalde, Zona 10 elkarteak hala eskatuta, Eibarko Merkataritza Gune Irekiak Ibarkurutzeko iturria apaindu eta argiztatzea erabaki du data hauetako ospakizunei kutsu berezia emateko asmoarekin.