Arma erakusketa berria prestatzen dihardute

Arma erakusketa berria prestatzen dihardute
2014/09/02 eta kitto!

Atzoz geroztik Eibarko Armagintzaren Museoko arma-bilduma hartzen duen erakusketa itxita dago, Arma Museoaren mendeurrenaren harira erakusketa berria prestatzen dihardutelako. Urriaren 8an zabalduko den erakusketa iraunkorra prestatzeko beharrean diharduten bitartean, urriaren 7ra arte museoko arma erakusketak itxita jarraituko du. Hala ere, museoko beste areto guztiak betiko moduan zabalduko dituztela adierazi dute museoko arduradunek.
Portalean dagoen museoak 500 pieza ingururekin osatutako arma-bilduma dauka eta orain arte horietako batzuk baino ez dituzte erakutsi. Bilduma osatzen dutenetako asko 1914an Armeria Eskolan zabaldutako museokoak dira eta horiekin batera gerora erositako zein dohaintzan jasotako beste batzuk daude. Museoko bilduman suzko arma motzak (ugarienak), luzeak eta arma zuriak daude, batzuk Eibarren egindakoak eta beste batzuk, berriz, atzerritik ekarritakoak. Pieza gehienak XIX. eta XX. mendekoak dira, baina bildumako armarik zaharrena XVI. mendekoa da.